jueves, 2 de julio de 2015

PETRONORREN JARDUERAREN JARRAIPENA EGITEKO MAHAIA SORTZEKO LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENAREN ESKAERA

Meatzaldea Bizirik Ekologista Taldea eta Muskizko San Julianeko El Turruntero Elkartea berriro zuzentzen gatzaie Eusko Legebiltzarreko talde politikoei, hain zuzen, Ingurumen batzordean egin genuenetik bi urte igaro diren honetan. Agerraldi hartan zehaztasunez azaldu genuen zein baldintzatan bizi garen Petronor petrolio-findegi handiaren eraginpean bizi garen auzokideak, eta Petronorren jarduerari jarraipena egiteko mahai bat sortzea eskatu genuen, administrazioa, enpresa bera, talde ekologistak eta kaltetuetako herrietako auzokideekin. Mahai horretan suertatzen diren arazo guztiak jorratzea proposatzen genuen, hala nola, bizilagunek pairatzen ditugun kalteei jarraipena egitea.
Udalek ere aldarrikapen bera egin zuten. Lehenengoa Muskiz izan zen, 2009ko otsailaren 10ean, hain zuzen, URFrako (Coke Planta) jarduera lizentzia eman zenean. Abanto Zierbenak ere onartu zuen orain dela denbora gutxiago, aho batez, zehazki, 2015eko otsailean.  Onartutako mozioan Jaurlaritzari eskatzen dio sor dezala Petronorren jarduera ingurumen ikuspegitik zainduko duen mahaia, eta izan dadila Ingurumen eta Lurralde Politikaren sailaren baitan, enpresako ordezkarien, eta auzo elkarte zein talde ekologisten parte hartzearekin, bereziki ingurukoak diren taldeak edo bertan sortu direnak (Muskiz, Abanto Zierbena, eta Zierbena).
Azkenik, Arartekoaren 2014ko abenduaren 11ko ebazpenean ( ref. 2917/2013/QC) ere, 30. orrian, beharrizan hori jasotzen da.
Gure erkidegotik kanpo, Kataluniako legebiltzarrak 2015ko martxoaren 25ean onartu du ebazpen jakina, hain zuzen, Tarragonako petrokimikaren inguruan, eta puntuen artean jasotzen da airearen kalitatearen harira sortuko den lurralde-mahaia.
Petrolio findegiek, daukaten funtzionamenduaren ondorioz hainbat gorabehera sorrarazten dituzte, prozesatzen duten baliabidearen tipologiagatik. Petronor Espainiako erreinuko findegirik handiena da eta jada 45 urte ditu. Hainbat handitze izan ditu, eta azkenak, koke plantak, bere isuriak handitu ditu. 2014ko uztailaren 21eko San Julianen gertatu zen koke isuritik gaur arte 44 gertakari izan dira jada, zeinetan Ingurumen sailak zehapen espedientea abiarazi duen. Ohikoa den baino isuri handiago horiek herritarrok pairatu dugu, hala nola, 7 koke hauts edo katalizadore isuri, besteak beste. Kasu guztietan auzokideak larritu egin gara eta 112 telefono zenbakira deitu dugu, enpresak berak gertakaria onartu aurretik.
Ondorio moduan, idatzi honekin eskatzen dugu Eusko Legebiltzarrak legez besteko bat onartu dezala, eta jarraian, kontuan izanda isuriak ez direla eteten, beharrezko mekanismoak abiarazi ditzala urgentziaz proposamenean esaten dena betearazteko:


LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA:

1.       Jaurlaritzari eskatzea, legez besteko proposamen baten bitartez onartu dezala Mahai jakina sortzea, Petronorren ingurumen alorreko kontrola egite aldera, Ingurumen eta Lurralde POlitikaren sailaren baitan; eta bertan, leku izan dezatela enpresako ordezkariek, auzokideen elkarteek eta talde ekologistek, bereziki inguruan sortu edo errotu direnak (Muskiz, Abanto Zierbena eta Zierbena), halaber, inguruko herrietako udalek eta talde politikoek, erregularki parte hartzeko asmoa adierazten badute.
2.       Gertakari puntualei erantzun eta ekimena hartzeaz gain, mahai honen eginbeharretako bat izango da findegiaren isurietara biztanleen espozizioaren ondorioz sortzen diren osasun arriskuak ebaluatzeko azterketak egitea.
3.       Mahaiaren bilerak eta bertan hartzen diren ondorioak herritar guztiek ezagutu ditzaten puntualki argitaratuko dira, ingurumen informazioa sarbidea bermatuz.





                                                                     1 de julio del 2015


No hay comentarios: